XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

UDAKO GAUETARAKO BI SAIO BERRI IZANGO DIRA ETB1-EAN: HAU DA MARKA ETA AIRE AIRE

Euskal Herriko jendea protagonista

ETB1eko uda programazioak Hau da marka eta Aire aire saio berriak jarri ditu abian.

Anne Igartiburu eta Klaudio Landa astelehenean iritsiko dira Euskal Herriko lehiakide prestuenak aurkezteko asmoz.

Joxemari Iriondo eta Ainhoa Goikoetxea, aldiz, asteazkenean azalduko dira pantailan.

Amagoia Mujika / Donostia

EZ DA ohikoa ETBkoek euren artean zerikusirik ez duten bi saioren aurkezpena batera egitea.

Hala ere, nortasun, gai eta izaera ezberdinetako saioak izan arren, Euskal herriko jende arrunta izango da udako gauetako protagonista, eta horretan Hau da marka eta Aire aire saioek bat egiten dute, izarrek eta jende famatuak ez baitute lekurik izango.

Hau da marka saioko aurkezleak Anne Igartiburu eta Klaudio Landa izango dira.

Euskal Herriko leku askotan ibili dira lehiakide prestuenen bila.

Indar fisikoa, abildadea eta umorea beharrezkoak izan dituzte saioko partaideek herrikoen artean egin den lehiaketarako, adierazi du Klaudio Landak.

Era guztietako probak ikusi ahal izango dira astelehenetik aurrera ETB1ean 22:00etatik aurrera.

Zuzen-zuzenean, udako giro eta eguraldia aprobetxatu, telebistako plato beroak alde batera utzi eta euskal biztanleen artean nahastu dira telebistako bi aurkezle ezagunak.

Esperientzia berria izan da herriz herri jendearen bat-bateko erreakzioa jaso eta akzioa nagusi den saioa.

Gustura agertu dira aurkezleak, gustura herrikoak, eta ikusleak ere nahikoa tarte dibertigarria igaroko duela ziurtatu dute Igartiburuk eta Landak.

Goizetan grabaketa lanetan jardun dute hilabetean zehar.

Plan gogorra eta makina bat zeregin.

Hala ere, esperientzia errepikatzeko prest agertu dira aurkezleak.

Motzegia izan da, dio Igartiburuk; ea hurrengo urtean beste bat dagoen, Landak.

Eta bien arteko konplizitatea nabaria izan da saioaren aurkezpenean.

Oso aberatsa izan da Klaudiorekin lan egitea, eta dudarik gabe berriz ere lan egingo dugu elkarrekin.

Lehenengo unetik profesionalki Klaudiorekin maitemindu egin naiz, izan dira Igartibururen hitzak.

Klaudiok ile-horiari begiratu eta zer esango dut nik ba.

Horrelako emakume maitagarriarekin lan egitea luxuzko zeregina da.

Aire aire saioa

Zertxobait serioago hasi da hizketan Joxemari Iriondo, ohiko legez.

Hala ere, irribarretsu, eskainiko duten aire berria zertan den adierazi du, umorezko tonua galdu gabe.

Erreportaiak, kaleko jendearen espresioak, musika eta beste hainbat gauza eskainiko dituzte Iriondok eta Ainhoa Goikoetxeak.

Herri txikienetatik hasi eta hiri handietako jardunak jaso nahi izan dituzte.

Kaleko jendearen egunerokotasuna, nahiak, beharrak eta gustuak.

Saioak Euskal Herriko herritar arruntari eman nahi dio aukera.

Aurpegi ezagunak baztertu egin ditugu eta jende arruntak protagonismoa izan dezan nahi dugu, esan du Joxemari Iriondok.

Goikoetxea bere ondoan gustura ageri da.

Euskal Herriko bi errealitate ezberdin adierazten dute bi aurkezleek.

Joxemari Iriondok herri eremuetako tradizioa, kultura eta urteen esperientziak emandako jakituria.

Ainhoa Goikoitxea Bilboko hiri handitik dator eta bertako bizimoduaren berri eskainiko digu.

Aktualitateko gaiak eta askotan berehala ahazten dugun iragan ez hain urruna gogoraraziko dute Aire airen.

Musikak ere tartea izango du eta jende zahar nahiz gaztea bilduko da asteazken gauetan 22:00etatik aurrera.